2010eko otsaileko data dute blog honetako lehen testu eta proposamenek… Lau hilabete igaro dira martxan jarri zenetik. Argi dago, ekarpen hauek eskolako lan tresna gisa sortu dira, eta gehienbat eskola arlora mugatzen da euren eginkizuna… Ekainean, oporren hasiera gertu, kalifikazioak jasotzear, orri digital honi atseden pixka bat hartzea egokitzen zaio. Ea datorren ikasturtean arnas berriturik eta indarturik datorkigun…
Ikasturte honen amaieran, ekainean, bada Azkoitian oso esanguratsua den debozio bat: Jesusen Bihotzaren debozioa. Gure kaleetako geografia erlijiosoa begiratzea besterik ez dago… Eliz atariko plaza Jesusen Bihotzaren plaza dugu. Gutxienez herriko hogei etxe eta enpresetako bebarru gainean, ikus daiteke Jesusen Bihotzaren plaka (euren “Reinaré…” eta guzti). Hainbat dendetan ere ikus daiteke, gaurko irudian ikus dezakezunez… Azkoitian Jesusen Bihotzaren eguna jai eguna izaten zen, lanik ez, denok mezetara, Aita Santuaren pribilejio bati esker… Ez da Azkoitiko kontu bat bakarrik. Jesusen Bihotzarenganako debozioa oso hedatuta egon da elizan, jesuitei esker gehienbat, baina baita salestarrentzat ere oinarrizko debozioa izan da…
Jesusen maitasuna ospatu nahi da debozio honetan… Jesusek Jaungoikoaren maitasun errukitsua eskaintzen digula. Gu maite gintuelako, Jesusek gurutzeko heriotza onartu zuela. Bere errukia eta barkamena emateko prest daukagula… Maite gaituela, hitz bitan, eta hori edozein Loteria baino hobea dela! Kontua hortik dator… Ea guk maitasun horri nola erantzuten diogun. Udako oporrak ongi pasa guztiok… Jesusenganako maitasunean hazi eta indartu… Bera lagungarri izan dezazuela.
Utzi erantzuna