Baserri askotan, eta “kaleko” etxe askotako ateetan ikus daitezke eguzki loreak, puntapax batekin iltzatuta… Landare honek esanahi garrantzitsua du gure euskal mitologian… Eguzkiaren babesa, berotasuna eta bizi-indarra adierazten ditu. Atean eguzki lorea jartzean, naturaren edo jainkotasunaren babesa eskatzen da: iluntasunak berekin omen ditu mamu eta jenio gaiztoak, gaixotasunak, tximista,… min edo kalte handiak jasotzeko beldur latza…
Pitxi berezi batzuk ere hasi dira saltzen, “eguzki lore” izenekoak, pertsonentzat “amuleto” edo kuttun bezala erabil daitezkeenak… Izan ere, denok daukagu seguritate pixka baten premia, arazo askori aurre egiteko beharra, eta gauza asko ezin ditugu geuk kontrolatu, gehiegi agian, eta babesa inguratu nahiko genuke… Eta gure babesa “jatorra” eta euskal mitologian oinarritua edo “tradizionala” baldin bada, askoz hobeto, ezta?
Batzuetan, baserri edo etxe horietako ateetan gurutzeak jartzen dira, egurrezko gurutze xumeak… Makina bat bider, Erramu igandean bedeinkatutako erramu adarrez eginiko gurutzeak; gure etxean halakoxeak daude… eta egunero ikus ditzakezu. Baina, nire iritziz, gurutzea atean jartzeak babesa baino gehiago ekar dezake beste zerbait: konfiantza. Jakitea Jaungoikoaren esku onetan gaudela… Beldur gehiegi ez dela ona. Kontua ez da “magia” egitea. Gurutzea eta eguzki lorea ez dira “magikoak”. Gehienez ere, bizitzan jarrera ona izaten lagunduko digute. Ez dituzte gure arazoak konponduko, guk gure lana egin gabe…
Gatozen eguzki lorera… Kontatuko al zenuke gazte, heldu eta zaharren artean ze “amuleto” edo kuttun erabiltzen diren, zorte ona erakartzeko edo gaitzak uxatzeko? Zuri zer iruditzen zaizu?
Utzi erantzuna