…”Nau” edo “gaitu” esatea egokia da, nire ustez, baina ez “ditut” edo “ditugu” aditzez esaldiaren amaiera antolatzea…
“Holako eta holako mendiak egin dizkiagu oporretan…”
Askotan aditzen da, guk mendiak “egite” hori,… eta harrituta uzten nau hizkera mota horrek.
Nik mendi ibilaldi batzuk egin ditut, esan dezaket mendi txapelketa bat ere egin dudala (“Ehun mendien txapelketa”, hiru aldiz), baina ez dut sekula mendirik egin nik… Ez dut inoiz mendirik sorrarazi, edota mendirik konkistatu… Agian, mendi bat igotzean neure burua konkistatu dut inoiz, ahaleginari eutsiz… Eta, hori bai, mendi askok konkistatu naute… beti ere gure inguruko mendiek eta Pirinioetako hirumilako mordoxka batek… Mendietako ikuspegi ederrak, paisaiak, naturaren indar eta edertasunaren kontenplazioak, batzuetan otoitzak, askotan lagun onekiko konplizitateak,…
Larunbata santuz, Udalaitz aldera mendi irteera egin dugu, lagun batek eta biok. Udalatik gurutzera, handik tontor eta buzoira, handik Besaidera jaitsi, eta berriro Udalara… Eguraldi bikaina izan dugu. Aldapak errespetua ematen du… Lehengo eta oraingo adiskide batzuetaz oroitu eta hizketan aritu gara…
Ez al zuen Hernio mendiak egin, neurri batean, Juanito Zubizarreta zena?
Ez al zuen Balaitous mendiak egin, neurri handian, Takolo zena?
Ez al zuen Pirinioak egin, hein batean, Rikardo Arias salestar apaiza?
Ez al ditugu Elias eta Vallejoren oroigarriak, beraien gustuko mendi parajetan?
Mendiak hor daude, gu baino lehenago, eta hor egongo dira, gu hemendik joaten garenean… Eta mendiek gure izaera eraikitzen laguntzen jarraituko dute…
Zorionak Azkoitiko mendizaleei, eta batez ere umeengan zaletasun hau indartzen aritzen zaretenoi!!
Utzi erantzuna