Aurtengo urtarrilean Haitiko lurra eta lurtarrak ikara gogor batek hondatu zituenean, hainbat galdera sortu zitzaizkigun, eta batzuk komunikabideetan azaldu ziren: Zergatik oldartzen zaigu natura, tartean behin bere indar ikaragarria azalduz? Zergatik kolpatzen dituzte desgraziek beti pobreenak modurik gogorrenean? Zer lurrikara sozio-ekonomiko jasan ditu orain arte Haitiko herriak, beste herrien isiltasuna konplize delarik? Nola jasan ditzake gizarte batek horrelako injustiziak? Non zegoen Jaungoikoa? Lotan, agian? Galdera asko dira, eta min ematen digute…
Azkenetik hasita, esango nuke gaur Haitiko herrian hiltzen eta pizten dela Jesus. Kristauon ikuspuntuan, Jaungoikoa gure ondoan dago, baita gure sufrimenduan eta porrotean ere, eta bere salbamena eskaintzen digu, nahiz eta guk salbamen horren bideak ez ulertu askotan… Gainera, gehitu nahiko nuke, guri tokatzen zaigula Haitiri laguntzeko eskuak izatea, beraiek aurrera egin dezaten euren ahaleginarekin. Solidaritateak eta karitateak, biek, gure besoen premia dute. Floreaga ikastetxeak diru-laguntza kanpaina antolatu zuen, Gazteak eta Garapena taldearekin batera, eta 12000 euro inguru bidali ere bai…
Orain Azkoitiko herrian ekimen ugari ari dira sortzen, urtean zehar gure solidaritatea lantzeko… Maiatzaren 8an, Solidaritate Pintxoa, Alai Batzak antolaturiko denda eta jolasak eta Erniarraitzen bertso saioa izango ditugu. Jarraian atletismo saioa eta bazkari karibearra. Ondoren Txekor jaian ere laguntza jasoko da… Udan kirol ekitaldiak: pilota eta saskibaloia,… Musika, dantza,… Ekintza ugari, gure solidaritatea gauzatzeko, gure eskuak eta besoak eskaintzeko…
Utzi erantzuna